2022ko uztailaren 2an, Pirinioa aldetik alde argiztatuko dugu, Atlantikotik Mediterraneoraino

Kataluniak eta Euskal Herriak burujabetza osoa lortu nahi dugula, eta gure etorkizuna libre erabaki eta errealitate bilakatu nahi dugula adieraziko dugu.

2022ko uztailaren 2an, katalan eta euskal herritarrok 300 gailurretik gora argiztatuko ditugu Pirinio osoan zehar. Farol bereziak eta linternak baliatuz, argi-lerro bat osatuko dugu Euskal Herria eta Katalunia batuz, gure herrien autodeterminazio eskubidea aldarrikatzeko.

Herritarron oroimenean iltzatuta geratuko den erronka handi bat izango da. Aktibismoa eta sorkuntza artistikoa elkarri lotuta. Kontakizun poetiko eta politikoa, irudi-ekintza handi bihurtuko dena.

Mendizale trebatuentzat soilik egokiak izango diren gailur batzuk egongo dira, baina gehienak edozein herritarrek parte hartzeko modukoak izango dira.

Nazioarteko komunitatearen arreta geureganatuko dugu herrion autodeterminazio eskubidearen alde. Inposatutako mugak, errepresioa eta herrion borondate demokratikoa gauzatzea eragotzi nahi duten oztopo antidemokratikoak gaitzesten ditugula adieraziko dugu.

Katalan eta euskal herritarrok libre eta burujabe izan nahi dugu, gure etorkizuna erabaki nahi dugu, eta herritarron borondatea entzun eta errespeta dadin eskatuko dugu.