Pirinioak argiztatzea, herrion autodeterminazio eskubidearen alde

2022ko uztailaren 2an, katalan eta euskal herritarrok 300 gailurretik gora argiztatuko ditugu Pirinio osoan zehar. Farol bereziak eta linternak baliatuz, argi-lerro bat osatuko dugu Euskal Herria eta Katalunia batuz, gure herrien autodeterminazio eskubidea aldarrikatzeko.

KATALAN ETA EUSKAL HERRITARROK BAT EGINDA

Pirinioetako Bidea Euskal Herriko eta Kataluniako entitate sozialek elkarlanean antolatutako lehen mobilizazio herritarra da: ANC Assemblea Nacional Catalana, FEEC Federació d’Entitats Excursionistes de Catalunya eta Gure Esku gara antolatzaile, eta Omnium Cultural eta Artistes de la República, laguntzaile.

Katalunian eta Euskal Herrian egindako hainbat ekintza ditu aurrekari: ‘Llum i llibertat’ (2019), zeinetan Montserrateko 131 orratz argiztatu zituzten; ondorengo asteetan, ‘Argi dugu bidea’ lelopean, Euskal Herriko hainbat menditan -Aiako Harria, Txindoki eta Anboto, besteak beste-, elkartasunez egindako erreplikak; eta ‘Cims per la llibertat’ (2018).

ERRONKA KOLEKTIBO ETA PARTE-HARTZAILE BAT

Erronka kolektibo eta parte-hartzaile erraldoia izango da. Zenbait gailur soilik mendizale trebatuek igotzeko modukoak izango badira ere, gehien-gehienak egokiak izango dira era guztietako herritarrontzat. Gailur bakoitza elkarlanean oinarritutako erronka kolektibo bat izango da, eta parte hartzaile guztion segurtasuna zainduz beteko dugu.

Ingurumenarekiko begirunea ere funtsezkoa izango da proiektu honetan. Horregatik, izen-emate sistema bat jarriko dugu martxan, masifikazioak saiheste aldera. Milaka eta milaka une magiko biziko ditugu, esperientzia ahaztezina izango da: gure memorian iraungo duen mugarria.

AUTODETERMINAZIOA ETA ERABATEKO BURUJABETZA

Pirinioetako Bidea argiztatuz, nazioarteko komunitatearen arreta geureganatuko dugu herrion autodeterminazio eskubidearen alde.

Inposatutako mugak, errepresioa eta herrion borondate demokratikoa gauzatzea eragotzi nahi duten oztopo antidemokratikoak gaitzesten ditugula adieraziko dugu. Katalan eta euskal herritarrok libre eta burujabe izan nahi dugu, gure etorkizuna erabaki nahi dugu, eta herritarron borondatea entzun eta errespeta dadin eskatzen dugu. Lurralde bateko herritarren gehiengoak estatu berri bat sortzea hautatuz gero, posible izan behar da herri borondate demokratiko hori bururaino eramatea.

Itxaropenezko milaka eta milaka argi piztuko ditugu Pirinio osoan zehar. Askatasunerako bidea argiztatuko dugu. Etorkizun hobe eta libreago batekin egingo dugu amets. Jendearen indar eta determinazioarekin, oztopo guztiak gainditzeko gai izango gara.

Organitzen / Antolatzaileak

Col·laboren / Laguntzaileak

Artistes per la República