2022ko uztailaren 2an Pirinioetako Bidean parte hartzeko gida

Jarraian, Pirinioetako Bidea mobilizazioan parte hartzeko kontuan hartu beharreko gai nagusien laburpena eskaintzen da. Informazio gehiago behar izanez gero, jar zaitezte harremanetan antolakuntzarekin mezu elektroniko hauen bidez:

Noiz da hitzordua?

Mobilizazio-eguna 2022ko uztailaren 2a, larunbata, izango da, eta argiztapena ilunabarrean egingo da aukeratutako gailur guztietan. Kontuan hartu behar da, arrazoi geografikoak tarteko, Pirinioetako toki guztietan ez duela ordu berean iluntzen, baina argiak pizteko erreferentziazko ordua 22:00ak inguru izango da. Bestalde, argiztapenaren iraupena aurrerago zehaztuko da.

Beraz, lehenengo urratsa data gordetzea da, hau da, zuen agendan uztailaren 2-3ko asteburua apuntatzea argiztatuko diren gailurretakoren batera joateko.

Izena eman behar da?

Bai, ezinbestekoa da izena ematea Pirinioetako Bidean parte hartzeko. Izena emateak mobilizazioa antolatzeko, parte hartzen duten pertsona guztiei istripu eta erreskateetarako asegurua emateko eta ekitaldia finantzatzen laguntzeko balio du. Inskripzioa pertsonala izango da.

Izena emateko epea udaberrian irekiko da eta aldez aurretik iragarriko da.

EDONORK EMAN DEZAKE IZENA EDOZEIN GAILURRETAN?

Ez, edonork ezin du edozein gailurretan izena eman. Segurtasun arrazoiak direla medio, Pirinioetako Bidea erronkarako aukeratutako tontorrak bi multzotan sailkatu dira.

Alde batetik, gailur berde edo irisgarrien multzoa. Tontorren multzo horretan, izen ematea librea izango da, eta parte hartzaile bakoitzak gailurra aukeratu ahal izango du; hala ere, antolakuntzak gailurrak eskualdeka banatzea proposatuko du, aukeratutako puntu guztietan jendearen banaketa egokia errazteko.

Bestetik, mendizale trebatuentzako gailur gorriak. Horrelako gailurretan, inskripzioa ez da librea izango, mugatua baizik. Tontor hauetan ezin izango da edonor inskribatu, esperientzia duten alpinisten taldeak bakarrik inskribatu ahal izango dira, eta antolakuntzaren bidez egin beharko dute. Mendi taldeak edo interesa duten alpinista-taldeak antolakuntzarekin harremanetan jarri beharko dira izena emateko.

TONTOR BAKOITZAK BERE IBILBIDEA DU?

Bai. Izena eman ondoren, parte-hartzaileek erronkari aurre egiteko informazio zehatza jasoko dute: mendiaren fitxa tekniko bat eta ibilbidearen proposamen bat, deskargatzeko track eta guzti. Ibilbideak aukeratzerakoan, ibilbideen segurtasuna lehenetsi da. Mugikorrentzako estaldurari eta bestelako erreferentzia erabilgarriei buruzko informazioa ere emango da.

ZENBAT JENDE EGONGO DA GAILURRETAN?

Gailur bakoitzak haren ezaugarrien araberako edukiera izango du. Beraz, tontor bakoitzerako parte-hartzaile kopuru desberdina aurreikusten da. Tontor gorrien kasuan, parte-hartzaileen kopurua oso txikia izango da. Tontor berde edo eskuragarrien kasuan, gehienezko kopurua 50etik 200era bitartekoa izan daiteke, eta, hainbat kasutan, handiagoa ere bai. Gailur bateko gehienezko edukiera osatzen denean, bertako inskribatzea itxi egingo da.

SEGURTASUN ARAURIK EGONGO DA?

Bai, segurtasun-arauak egongo dira mobilizazioaren egunean. Denak etxera onik itzultzea izango da arau hauen helburu nagusia. Segurtasun-arauak aurrerago jakinaraziko dira, eta antolakuntzak egoeraren arabera egokituko ditu.

NOLA ARGIZTATUKO DIRA GAILURRAK?

Argiztatzeko bi modu nagusi aurreikusi dira. Alde batetik, indar handiko farol berezi bat, argia 40 km-ko distantziatik ikusteko aukera ematen duena; eta bestetik, parte-hartzaile bakoitzaren linterna frontalak erabiliko dira, ezinbestekoak gauez mugitzeko. Esku-linternak ere erabili ahal izango dira aurrekoak indartzeko.

ETA EGURALDI TXARRA EGINGO BALU?

Momentuko baldintza klimatikoak eta uztailaren 2 eta 3rako Pirinioetako eremu guztietan egingo diren iragarpen meteorologikoak kontuan hartuta, antolakuntzak mobilizazioa atzeratzea ala erabat edo partzialki bertan behera uztea erabaki lezake. Parte-hartzaileen segurtasuna lehenetsiko da beti.